Albisteak

Azoka 

20.000 lagun inguruk gozatu du Gueñesko San José Azokaren aurtengo edizioa. Berrikuntza Euskal Antzararen monografikoa izan da eta arrakasta handia izan du. Azokaren antolatzaileek honela esan digute: “Jendeak erantzun egin du. Tarteka euria egin badu ere, jende asko etorri da. Monografikoen zaleek lehenik Euskal Antzara (aurtengo berrikuntza) zegoen gunera jo dute, jarraian Euskal Oiloaren gunera eta hortik Enkarterri Kalera, villano arrazako monografikora eta Euskal Abereak-en bertako aziendaren erakusketara. Animaliekin gozatzeaz gain, informatu egin dira han jarri ditugun panelen bitartez”.

Horrela, bada, Euskadi plazako aparkalekuaren gunea Euskal Abereak-ek hartzen dituen euskal arrazetako ehunka animaliaren erakusleiho erraldoi bihurtu zen, horien artean: Karrantzako ardi mutur beltza eta mutur zuria, ardi latxa, azpigorri ahuntza, Enkarterriko astoa, pottoka eta pirenaiko, terreña zein betizu arrazetako behiak.

Gainera, antolatzaileek jarduera bi errepikatu dituzte eta berriz izan dute ikusleen harrera izugarri ona: Enkarterri Kalea eta Gazta Kalea.

Euskal Antzararen I. Monografikoa izan da aurtengo berrikuntza, eta oso harrera ona izan du ikusleen zein parte-hartzaileen aldetik. Erakusketa honetara aurkeztutako antzaren ezaugarriak oso onak izan dira. “Lehenengo urtea izateko oso animalia onak daude. Hainbat alderdi hobetu behar ditugu, baina urtebetean edo bitan oso kalitate ona izango dugu” adierazi du Euskal Antzararen I: Monografikoaren epaimahaikide Mariano Javier Masek.

Irabazleen sailkapena:

  • Monografikoko antzararik onena: Miguel Ángel García hazlearena.
  • Monografikoko bigarren antzararik onena: Carlos Villanueva hazlearena.

Enkarterriko villano eta villanuco txakurren XIV. monografikoari dagokionez, jabeek Euskadi plazan aurkeztutako 80 txakur inguruk hartu dute parte, eta bertaratuek zelakoak diren ikusteko aukera izan dute.

Monografikoko txakur ar onena Roir izan da eta emerik onena Jata.

Irabazleen sailkapena:

  • Monografikoko txakur ar onena: Roir, Juan Mari Quintanarena.
  • Monografikoko 2. txakur arra: Tarzán, Raúl Arbaizarena.
  • Monografikoko 3. txakur arra: Moro, Mari Carmen Gómezena.
  • Monografikoko txakur eme onena: Jata, José Ángel de la Hozena.
  • Monografikoko 2. txakur emea: Zuri, Itxasne Llamosasena.

Bestalde, Euskal Oiloaren XII. monografikoa frontoi estalian egin da, eta han ikusi ahal izan dira bost barietate hauetako hegaztiak: Beltza, Gorria, Marraduna, Zilarra eta Lepasoila.

Guztira 180 hegazti aurkeztu dira. Epaimahaiak aztertu egin ditu eta in situ egiaztatu ahal izan du hegaztien arrazak hobera egin duela. “Aurten hegazti gutxiago kanporatu behar izan ditugu, eta horrek adierazten du arraza-estandarra hobetzen ari dela. Nik marradunak eta gorriak balioetsi behar izan ditut, eta, oro har, hegazti guztiek zituzten oso ezaugarri onak”, adierazi du epaimahaikide José Ramón Álvarezek. Bestalde, Mariano Javier Masek lepasoilak eta euskal antzarak balioetsi ditu eta bat zetorren bere kidearekin: “Urtetik urtera gero eta gehiago antzematen diozu arrazaren ereduari. Oso kalitate ona dago, baina urtero gehiago hobetzera goaz, arraza puruagoa lortzera. Horregatik eskatzen dugu gehiago. Euskal Oiloaren arraza hobetzen ari dela egiaztatzen duen datua da iaz 18 lepasoil aurkeztu zirela monografikora eta aurten 30”.

Oilarrak aztertu ondoren, epaimahaiak hegazti onenak hauexek direla ebatzi du:

Irabazleen sailkapena:

  • Marradunik onena: Dionisio Ventose hazlearena.
  • Beltzik onena: David Elordy hazlearena.
  • Zilarrik onena: Jacinto Mena hazlearena.
  • Gorririk onena: Miguel Ángel García hazlearena.
  • Lepasoilik onena: Miguel Ángel García hazlearena.
  • Azokako hegaztirik onena: Ander Beraza hazlearena.
  • Azokako bigarren hegaztirik onena: Miguel Ángel García hazlearena (Gueñes).