Albisteak

 

Enkarterriko Gueñeseko eta Gordexolako udalek, Gizarte Ekintza udal sailen bitartez, jantzitegi solidarioa eratzeko ekimena abiarazi dute, eta horretarako, laguntzeko prest dauden herritar guztien laguntza eskatu dute.

Ekimen hori zenbait fasetan gauzatuko da, eta funtsean, honako hauek jasotzean datza: adin guztietako pertsonentzako jantziak (egoera onean daudenak); orgatxoak, sehaskak, kapazuak, bainuontziak eta haurtxoak zaintzeko beste tresna batzuk; ortopedia gisako materiala, gurpildun aulkiak edo makuluak. Hala, Gueñes eta Gordexola udalerrietako pertsona ahulenen beharrizanak asetzeko erabiliko dira, gaur egun oso egoera latza pairatzen ari baitira krisiaren eraginez.

“Ikusita zenbat pertsonak eskatzen duten laguntza familia hornitzeko, pertsona ahulei arreta emateko beste urrats bat egiteko ideia bururatu zitzaigun, eta horregatik sortu dugu jantzitegi solidarioa. Gordexolako Udalak ezagutzera eman zigun pabilioi huts bat duela, eta hain zuzen, bertara eramango da jasoko den guztia” azaldu du Maite Campok, Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Modu horretan, egoera onean dagoen jantzi edo materialen bat emateko interesa duten pertsonek euren udalerriko gizarte langileekin hitz egin beharko dute, dena delakoak emateko hitzordua zehazte aldera. Objektuak pilatu ahala, Gordexolako pabilioira eramango dira, eta hantxe bertan, boluntarioek hautatuko dituzte egoera onean daudenak, baita esekitokietan, astoetan eta apaletan jarri ere. “Gizarte langileek antolatuko dituzte boluntarioak, eta bakoitzak duen denbora aintzat hartuta, bertara joateko eta pertsonak artatzeko ordutegiak ezarriko dituzte” zehaztu du Maite Campok.

Guzti-guztia antolatuta dagoenean, gizarte langileek egiaztatu egingo dute pertsona eskatzaileek bitarteko gutxi dituztela eta eskakizunak betetzen dituztela. Hala bada, hitzordua emango zaie Gordexolako pabilioira joateko, eta han jasoko dituzte euren beharrekin bat datozen jantziak edo materialak.

Ruth eta Encarna gizarte langileek artatuko dituzte Gueñes udalerriko eskaerak. Eurekin harremanetan jartzeko, 94.669.21.99 eta 94.639.91.59 telefono-zenbakiak jarri dira abian. Alazne da Gordexolako gizarte langilea, eta hauxe bere telefono-zenbakia: 94.679.97.02.

Informazio gehiago(PDF 25KB)