Albisteak

 

Herritarrekiko komunikazioaren eta gardentasunaren ildoari jarraituta, Gueñesko Udalak herritarrei aukera ematen die, berriz ere, Udalak dituen funts ekonomikoei buruz iritzia emateko eta funts horien banaketa 2015 ekitaldi ekonomikoari aurre egiteko egokia ote den baloratzeko.

Hori dela eta, herritarrek www.guenes.info web orri interaktiboko 2.0 foroaren bidez parte hartzeko proiektuarekin jarraitzeko, Udalak 2015eko aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du berau eztabaidatzeko, eta erantzuteko bideak zabaldu ditu, herritarrek iritzia eman dezaten. “Ekimena iaz ere abiarazi genuen, eta herritarren ekarpenak oso interesgarriak eta konstruktiboak izan ziren udal-kontuak prestatzeko. Horrexegatik jarraitu dugu ekimenarekin, oso konstruktiboa dela uste dugulako, eta udal-gardentasuna bermatzen laguntzeko duelako” azaldu du Koldo Artarazek, Gueñesko alkateak.

Hartara, 2015eko udal-kontuak egiten parte hartu nahi duen herritar orok www.guenes.info web orrira jo eta aurrekontuaren zirriborroa dakarren dokumentu atxikia ireki behar du. Beraz, partida ekonomiko guztiak ikusitakoan, horien inguruko iritzia eta iradokizunak eman ahal izango dira.

Erantzunak azaroaren 17ra arte (astelehena) bidali ahal izango dira. Horretarako, erantzunak igortzeko zenbait bide zabaldu dira.

Aurrekontuaren zirriborroarekin batera, triptiko bat dago www.guenes.info web orrian. Deskargatu eta inprima daiteke, eta bertan herritarren ekarpenak adieraz daitezke. Fitxa betetakoan, honako toki hauetan instalatutako postontzietan utzi ahal izango da: Gueñes herriguneko Kultur Etxean eta udaletxean; Sodupe herriguneko udal-bulegoan, Kultur Etxean, KirolGünen eta GazteGünen; Zaramillo herriguneko liburutegian; eta La Quadra herriguneko udal-bulegoan. Bestela, herritarrek parte hartzeko guenes.info web orriko foroaren bidez erantzun daiteke, edota fitxa eskaneatu eta relacionciudadana@guenes.info helbidera bidali. “Herritarrek iradokizunak eta iritziak ematea errazteko, postontzietan sartuko da proposamenak adierazteko triptikoa” erantsi du Koldo Artarazek.

Udal-kontuak egitean, gardentasun-printzipioari jarraitu zaio. Horretarako, 2015eko aurrekontua modu irekian aurkeztu zaie herritarrei.

Aurkezpen horretan osorik azaltzen da zer egin nahi den baliabide ekonomikoekin, udal-funtsak besterik gabe kontabilitate-partidetan banatzetik harago.

Horretarako, udal-kontuen xedea da hiru helburu betetzea:

  • Zorroztasuna eta konfiantza: kontuak egiteko, datuak egiaztatu eta aurreikuspenak egin dira, aurreko ekitaldien bilakaerak nahiz adierazle ekonomiko nagusien jokabideak bermatuta.
  • Bermatzea lehentasun estrategikoak betetzen direla: honako hauek jasotzen dira horretan: sustapen ekonomikoa, zerbitzuei eustea, pertsonen udalerria bermatzea, berrikuntza, parte-hartzea, komunikazioa eta gardentasuna.
  • Bermatzea finantza-egonkortasuna eta -iraunkortasuna: Horretarako, aurrekontu zorrotza egin da, finantza-helburuak betetzen direla bermatzeko; besteak beste, egonkortasuna, superabita duen aurrekontuarekin, aurrekontu-egonkortasunari dagokionez; finantza-iraunkortasuna, diru-sarrera arrunten % 6,71eko zorrarekin; inbertitzeko gaitasuna; diru-sarrera arrunten % 3,5eko aurrezpen gordina; eta likidezia, 30 eguneko ordainketa-epearekin.

Azaletik aipatuta, 2015eko aurrekontuak (6.342.296,67 euro) hiru arlotan banatu dira.

Lehenengoa “herritarrei” dagokie: zenbateko osoaren 2.514.082,46 euroko partida. Zenbateko horren bidez kudeatuko dira jarraian adierazitakoekin loturiko alderdi guztiak: pertsonak, familiak eta gazteria, kirol-, gizarte- eta kultura-erakundeak eta -eragileak, euskara, sustapen ekonomikoa, enplegua, berrikuntza, komunikazioa eta gardentasuna.

Bigarren arloa (1.703.897,07 euro) “lurraldea” da. Atal honetan, hiriko habitata, ingurumena eta mendiak arloekin loturiko jarduera guztiak jorratuko dira.

Hirugarren arloa “Udalaren antolakuntza” da (2.124.316,92 euro). Bertan, Udaleko langileei dagozkien gastu guztiak, administrazio orokorra, gobernu-organoak eta bake-epaitegia sartzen dira, baita zor publikoa ere.

Herritarrek faktore horiek guztiak eta udal-ondasunen banaketa osoa izango dituzte eskura, eta horien kudeaketa kontsultatu, aztertu, baloratu eta epaitu egingo dute, www.guenes.info web orriko 2.0 foroaren bidez, 2014ko azaroaren 17ra arte.