Albisteak

 

Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Izan ere, Enkarterriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak 1.796 ale banatu ditu ikastetxeetan eta leku publikoetan, hala nola, udal liburutegietan eta kultur etxeetan.

Erabilgarri eta probetxugarria

Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erre-ferentzia biltzen ditu edizio berri honek.

Merkatuan dauden produktuen artean hautaketa egin da, berritasuna, egoki-tasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.

Edizio digitala askoz ere zabalagoa eta argitaletxeen denda birtualetan zuzenean erosteko aukerarekin

Horretaz gain, www.katalogoa.org webgunean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurki daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko.

Urte osoan bizirik eta eguneratua dagoen gunea da www.katalogoa.org, argitaletxeek berek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko. Hartara, webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek, beren komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.