Albisteak

 

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hainbat aholku ematen dizkigute, udaldiaz inolako izualdirik gabe goza dezagun.

Gomendioen xedea da segurtasuna areagotzea, etxeetan zein udaldiko bidaietan eta egonaldietan.

Etxean lapurretak saihestea

  • Atea beti giltzaz itxi, plastikozko txartela, erradiografia edo antzeko objekturen bat erabilita sar ez daitezen.
  • Ez esan jendearen aurrean zein egunetan joango zaren oporretan.
  • Etxebizitzan norbait bizi delako itxura egin. Horretarako, gomendatzen da norbaitek korrespondentzia hartzea, telefono finkoa eskuko telefonora desbideratzea eta erantzungailu automatikoa deskonektatzea edo pertsiana batzuk erdi zabalik uztea.
  • Baliozko objektuak babestuta eta identifikatuta izan (etxebizitzan ez utzi ez bitxirik, ez baliozko beste objekturik; guztiei argazkia atera eta marka, modeloa eta serie-zenbakia idatzi).
  • Itzultzean, lapurtu egin dizutela ikusten baduzu, ez sartu etxera Ertzaintza iritsi arte. Etxera sartu behar baduzu, ez ukitu lapurrek manipulatu dituzten objektuak.

Prebentzioa bidaian:
Bidaia planifikatu ostean, oinarrizko gomendio batzuk hartu behar dira kontuan, geltokietan eta aireportuetan zein errepidean.

  • Dirua eta agiri pertsonalak banatuta eraman.
  • Ez eraman diru-kopuru handirik.
  • Larrialdietarako diru-kopuru bat bereizi eta leku seguruan gorde.
  • Aireportuetan eta geltokietan, ez galdu begien bistatik zure gauzak. Ez eraman beste pertsona batzuen gauza pertsonalik, oparirik edo paketerik, eta ez fakturatu beste pertsona batzuen ekipajerik.
  • Errepidean, atseden hartzeko, ez joan jende gutxi dagoen lekuetara. Ibilgailuetan, ez utzi agerian baliozko objekturik. Beste gidari batzuek ibilgailua geratzeko seinaleak egiten badizkizute, arreta handiz ibili.

Prebentzioa opor-destinoetan:

  • Ibilgailua hotelaren edo apartamentuaren ondoan aparkatu.
  • Objektu pertsonalak kontrolpean izan, eta baliozko gauzak hoteleko kutxa gotorrean gorde.
  • Zure objektu pertsonalak kontrolpean izan une oro, eta ez utzi pertsona ezezagunen eskuetan.
  • Pertsona ugari pilatzen den lekuetan arreta berezia izan, lapurretak saihesteko.