Albisteak

 

Zaramilloko Saratxo auzoak bere zaindari San Sebastianen omenezko jaiak ospatuko ditu urtarrilaren 20an (ostiralean) eta 22an (igandean).

Antolatu diren jardueren artean, ostiralean santuaren omenezko meza bat emango da 12:00etan, eta, amaitzean, gazta- eta txakolin-dastatzea egingo da.

Urtarrilaren 22an, igandean, meza solemne bat emango da, Meatzalde Koruak abestua, 12:00etatik aurrera. Koruak, ordu erdi geroago, kontzertu bat joko du.

Gelo tronpalariak, haurrentzako jokoak girotzeko, zibarekin zeinen ondo moldatzen den erakutsiko du 12:45etik aurrera. Ondoren, 13:00etan, igeltokako txapelketa jokatuko da, eta, ordubete geroago, tortilla-txapelketa hasiko da. Horixe izango da Gueñes Kontzejuko Jaiarteko Lehiaketa Gastronomikoen II. Ligarako puntuak emango dituen lehen proba.

Liga gastronomikoa La Quadrako San Migel jaietan amaituko da, irailean, eta orduan jakingo dugu nor diren irabazleak.

Lehenengo liga gastronomikoa 2016. urtean izan zen; Kolektibo Bakalao gastronomia-taldeak antolatu zuen, Gueñesko Udalaren laguntzarekin. Ligaren xedea zen Gueñes Kontzejuan urte osoan egiten diren herriko jai guztietako sukaldaritza-lehiaketak sustatzea.

Horrela, nahi duten jai-batzordeak liga gastronomikoaren lehiaketaegutegian sar daitezke.

Gogorarazi nahi dugu parte-hartzaileek herri ezberdinetako hiru lehiaketatan parte hartu beharko dutela, gutxienez, amaierako sailkapen orokorrean sartzeko.

Lehiaketen egutegia ezartzen denean, parte-hartzaileek nahi duten lehiaketetan eman beharko dute izena. Lehiaketa bakoitzean, dagokion jaibatzordeak sariak banatuko ditu, eta, horretaz gain, parte-hartzaile guztiek amaierako sailkapen orokorrerako balioko dien puntuazioa eskuratuko dute, aurkezpenaren, gatz-kopuruaren eta zaporearen araberakoa.

Ondoren, puntu guztiak gehituko dira, eta puntuazio horretatik aterako da irabazlea. Emaitza La Quadrako San Migel jaietan jakinaraziko da, azken lehiaketa gastronomikoa amaitu ondoren.

Lehen saria 600 euro eta txapela izango dira; bigarrena, 400 euro; hirugarrena, 200 euro; eta laugarrena eta bosgarrena, azkenik, ehuna euro.