Albisteak

 

Otsailaren 11 eta 12ko asteburuan, Beherapenen X. Azoka egingo da Sodupeko Gallarraga Kalean, asteroko azoka egiten den lekuan, karpa handi batean. Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak antolatzen du azoka, Kontzeju horretako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntzarekin. Aurten, beste leku batean egingo da, parte hartzen duten saltoki guztiek lekua izan dezaten, gero eta gehiago baitira urtetik urtera.

Ekimen hau hamargarren urtez jarriko da martxan, eta guztira Enkarterriko udalerri honetako 20 merkatarik hartuko dute parte, hau da, aurrekoan baino bi gehiagok.

Larunbatean, otsailaren 11n, Beherapenen X. Azoka goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte egongo da zabalik, etenik gabe. Igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara baino ez. “Ahalegin handia egiten dugu, bi egun gogor direlako, baina aukerak sortu behar dira eta bezeroak lortu. Azoka honen helburua ez da dendetan gelditu diren denboraldi-hondarrak saltzea; azoka hau gu geu ezagutarazteko aukera bat da; jende askok ez daki zer eskaintzen dugun gure saltokietan, ideia okerra dute”, adierazi du Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko lehendakari María Begoña Paredesek eta María Gómezek.

Bi egun horietan, merkatariek beste denboraldi bateko generoa merkeago aurkezteko baliatuko dute aukera. Horrela, “pagotxak” egongo dira beherapenen azoketan ohikoak diren sektoreetan; besteak beste, helduentzako, haurrentzako eta haur txikientzako modako arropetan, oinetakoetan eta osagarrietan, lentzerian eta kosmetikoetan. Aipatutakoez gain, ohiko postuak ere egongo dira; horietan, besteak beste, ileapaindegiko produktuak, etxetresna elektrikoak, optikako produktuak, osagarriak eta eskulanekin eta lorezaintzarekin lotutako produktuak jarriko dira. Hain zuzen ere, sektore horien helburua da produktuak beste era batera aurkeztea, eta ez modu tradizionalean, eta saltokiak ezagutzera ematea. “Askotariko produktuak eskaintzen ditugu, eta ikusten dugu jendeak gustuko dituela”, azaldu dute Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteko lehendakariek.

Gueñesko zein beste udalerri batzuetako jendea Beherapenen X. Azokara etor dadin, Gueñesko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak erabaki du bi egun horietan azokan erosketak egingo dituztenei txartel batzuk ematea, urteroko zozketan parte hartzeko. Izan ere, 200 euroko hiru txartel zozketatuko dira elkarteko kide diren saltokietan gastatzeko. Zozketa otsailaren 12an (igandea) egingo da, ekitaldia amaitu ondoren.

Hona hemen parte hartuko duten saltokiak:

  • Pan Saratxaga.
  • Fornituras.
  • La tienda de Natalia.
  • Yanev ile-apaindegia.
  • Ttiki baby.
  • Terreros mertzeria.
  • Demo Bike.
  • Kanela.
  • Master Agurtzane.
  • Carrusel.
  • Sorgintxu.
  • Edinorte Manualidades.
  • BKL Tecnología.
  • Olivia Ma Muse.
  • AMJ Bosque y Jardín.
  • Ona optika
  • Maiza.
  • Tximeleta
  • Foto Argüello.
  • Arantza Zelaia ile-apaindegia.