Albisteak

 

Otsailaren 26an, igandean, Gueñesko Kontzejuko La Quadrako Herriko Plazan gure baserriekin zerikusia duen ospakizun bat egingo da: Txarriboda.

Goizeko 11:15etik bazkalordura arte, Txarriboda Egunaren bosgarren ediziora bertaratzen diren herritarrek tradizio horren faseak ezagutu eta haietaz gozatu ahal izango dute: txerria erretzea, garbitzea, hustea eta zatikatzea, eta txorizoak egitea.

Jarduera hau Gueñeseko Udalak eta Gugaz gazteria-zerbitzuak antolatzen dute, eta helburua da antzinako praktika hori eta hura inguratzen duten ohiturak ezagutaraztea eta bertaratzen diren pertsonen artean sen solidarioa piztea. Horretarako, Gugaz Boluntako gazteek goizean zehar zozketako txartelak salduko dituzte, eta zozketan, Txarribodan prestatutako txerriaren zatiak banatuko dira. Horrez gain, salgai egongo dira odoloste- eta txitxiki-pintxoak, eta txerriaren pisua asmatzeko kiniela bat ere egingo da. 

Hala odoloste- eta txitxiki-pintxoekin nola loteen zozketarako eta kinielarako saltzen diren txartelekin bildutako dirua “2017ko Gugaz Solidario: Gandiol, Senegal” proiektuarentzat izango da.

Hainbat urte daramatza Gueñesko gazteria zerbitzuak, Gugazek, nazioarteko proiektu solidariorik egin gabe; izan ere, herriko ElikaGüre proiekturako funtsak biltzeko ekintzetan laguntzen aritu dira Gueñesko gazteak. Aurten, ordea, berriro heldu dio egitasmo honi, eta garapen bidean dagoen herrialde bateko proiektu solidario batean aktiboki laguntzea da asmoa.

Saharan, Nikaraguan, Guatemalan eta Salvadorren egin izan ditu proiektuak, besteak beste, eta Hondurasera ere bidali izan ditu laguntzaileak. Aurten, berriz, "Hahatay” elkarteari lagunduko dio. Elkarte horrek Gandiol herrian egiten du lan, Saint Louis eskualdean, Senegalgo kosta atlantikoan.

Bestalde, umeentzako txorizo-ogi tailerra egongo da eguerdiko 12:00etatik aurrera.

Horrez gain, txerrikiak, ogia eta gozoak ere salduko dira.

Txarribodaren helburuak:

  • Txarribodaren tradizioari eustea.
  • Tradizio hori belaunaldi berriei irakastea.
  • Landa-eremuan bere historiari loturiko jarduera bat antolatzea.
  • Gugaz gazteria-zerbitzuak proiektu solidarioetarako funtsak biltzea