Albisteak

 

Hurrengo igandean, apirilaren 9an, lore eta landareen IV. ekitaldi monografikoa egingo da Gueñesko ARENATZarte parkean, eta 40 erakusketari baino gehiago bilduko dira.

Azoka irekita egongo da goizeko 11:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte, eta egunean zehar antolatutako jarduerak zirko tradizionalaren ingurukoak izango dira.

Azoka guneka banatuko da. Gune horietako batean, lore eta landareetan espezializatutako haztegi-bildumarik onenak ikusi ahalko dira, Bizkaitik, Gipuzkoatik, Arabatik, Nafarroatik, Kantabriatik eta Madrildik ekarritakoak. Ikusgai jarriko dituzte bonsaiak, bromeliak, landare aromatikoak, sukaldean erabiltzekoak, begoniak, geranioak, sasoiko loreak, bildumazaleentzako kaktusak, palmondoak eta fruta-arbolak, apaintzeko arbolak eta beste hainbat espezie.

Beste gune batean, ortuko produktuak egongo dira: lanabesak, mundu osotik ekarritako espezieez osaturiko bildumen hazitegiak, bai eta lorezaintzari nahiz laborantza ekologikoari buruzko liburu eta aldizkariak ere.

ARENATZarte parkea ehun urtetik gorako zuhaitzez inguratutako gune bakarra da, eta, azoka dela eta, lore eta landareekin egindako artisautzako erakusketak ere jasoko ditu. Produktuen artean, harrizko loreontziak, egileen loreontziak, lorategiko faunarentzako etxetxoak (intsektuak eta txoriak), zur-lantzeak, fruitu lehorrekin egindako jostailuak, kremak, xaboiak, ukenduak, eta lore eta landareekin egindako janari eta edariak egongo dira, baina, zalantzarik gabe, hauek dira azpimarragarrienak: landare eta loreekin egindako marmeladak, fruta-likoreak, landare-pateak eta lore-zaporeko gozokiak.

Azokan haurrentzako animazioa izango da egun osoan. Bestalde, haurrentzako tailerrak egingo dira, loreontzi birziklatuak egiteko eta ortu txikiak sortzeko; gainera, zirkuko pertsonaiek azoka girotuko dute. Haurren artean, baina, Arkakusoen Zirkoa mikro antzerkiak piztuko du ikusmin handiena; zortzi emanaldi egingo ditu, 11:30etik 15:00etara bitartean, eta prezioa euro batekoa izango da.

Eguerdian menestra-dastaketa egingo da, eta 500 anoa inguru prestatuko dira.

Informazio gehiago:

674.648.565 (Richard de Diego).

EGITARAUA:

  • 10:00etan: Azokaren irekiera.
  • 11:00etan: Haurrentzako tailerrak: material birziklatuekin loreontziak egitea eta ortu txikia sortzea.
  • 11:30ean: “Arkakusoen Zirkoa” mikro antzerkiaren hasiera. Ordu erdiro emanaldi bat egingo da 15:00ak arte.
  • 12:00etan: Kalejira zirkuko pertsonaiekin.
  • 14:30ean: Menestra-dastaketako anoen banaketa.
  • 17:00etan: Kalejira zirkuko pertsonaiekin.
  • 18:00etan: Lorezaintzako saski erraldoiaren zozketa.