Albisteak

 

Harrera bikaina izan du LABORAL KUTXA EMAKUME MASTER CUP txapelketak Sodupen, bai pilotazaleen aldetik, bai eta bertako Udalaren aldetik. Ondo zaindutako frontoi polita da Enkarterrietakoa eta pilotazaleek goza zezaten, kalefakzioa goizeko lehen ordutik jarrita izan dute piztuta.

Eta pilotariek ere era berean erantzun diote izandako harrera goxoari, partida oso borrokatu eta luzeak eskainiz. Estarako lehen triangularreko lehen partida, (Maddi Unanue-Naroa Agirre vs Amaia Zarrabeitia–Irati Ugalde)edo bigarren triangularreko bigarrena (Andrea-Aldaregia vs Jone Goiri–Ane Baraiazarra), besteak beste. Bitxikerien artean, Reyes Azkoitia eta bere alaba Jaxone Larrañagak ezin izan dute hirugarren kanporaketarako sailkatu. Bestalde, Maria Granado eta Ainhoa Lakuntzak aurrera egitea lortu dute eta kontuan izan behar da Ainhoa Lakuntzak lehen txapelketa duela aurtengoa.

Lehen mailako txapelketan Patri Espinar eta Miren Arrillagak bizirik jarraitzeko behar beharrezkoa zuten garaipena eskuratu dute, hori bai, ikaragarri sufritu behar izan dute Arrate Bergara eta Maider Mendizabal gipuzkoarrei nagusitzeko (14-18).Patri Espinarren ezker gantxoa erabakigarria izan da partidan zehar eta Orozkon jokatuko den hirugarren jardunaldiko emaitzen zain geratu beharko dugu aurrera egiten duten bi bikoteen izenak jakiteko. Bertan Arrate Bergara eta Maider Mendizabalek lehen jardunaldian garaile suertatu ziren Leire Garai eta Leire Etxanizen aurka arituko dira.

 Emaitzak (PDF 185KB)

 

Argazki galeria