Albisteak

 

Apirilaren 29an (astelehena) eginiko osoko udal-bilkuran, Güeñesko Udalak erabaki zuen 340.417,91 euro gehitzea udalaurrekontuan, udal-azpiegituretan lan batzuk egiteko eta herriko zenbait gune hobetu eta egokitzeko.

Hauek dira lan horietako batzuk: 60 mila euro erabiliko dira La Quadrako Herriko plazaren irisgarritasuna hobetzeko, maldak eraikita; Sodupeko kirol anitzetarako pistaren lurra kendu eta belar artifiziala jarriko da; Arenatzarte parkeko haurjolasen eremuan estalkia jarriko da; Santxosolo aterpetxeko altzariak eta etxetresna elektrikoak aldatuko dira; Eretza Berri IP margotuko da; eta segurtasuna hobetuko da San Pedro Goikuria eta La Quadra Goikoarako sarbideetan.

Horrez gain, 15 mila euro erabiliko dira urteko egutegian jaso gabe dauden kultura-jarduerak egiteko; esaterako: Euskadiko marmitako-txapelketa abian jartzea San Pedro Goikuriako jaietan, Bizkaiko Itzuliko gazteen kategoriako etapa bat hemen bukatzea, moto-kros klasikoko proba bat egitea, etab.

Halaber, kreditu-aldaketa horri esker, hornikuntza-sarea aldatzeko hurrengo fasea egingo da, eta obra txikiak egingo dira Iorgin, gasolina-zerbitzugunearen eta zubiaren artean.