Albisteak

 

Ekonomia eta Enpresa Ministerioak Gueñesko Udalari jakinarazi dio aste honetan hasiko dela lurreko telebista digitalaren (LTD) maiztasuna aldatzeko prozesua. Maiztasuna aldatzeko arrazoia da Bigarren Dibidendu Digitala libre gelditu dela; horri esker, 5G sare ultra azkarrak hedatu ahalko dira 700 MHz-ko bandan.

Prozesu horretan, irrati-maiztasunen espektroaren zati bat libratuko da, eta banda zabaleko komunikazioen zerbitzuak, zehazki, 5G zerbitzu berriak, emateko erabiliko da. Gaur egun, maiztasun horien zati bat LTDren ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko erabiltzen da; hori dela eta, seinale horiek gure espektroko beste banda batera migratu behar dira.

Bigarren Dibidendu Digitalaren prozesu horrek ez du telebista-kateak agertzea edo desagertzea eragingo; izan ere, kateen maiztasuna aldatu egingo da, ez beste ezer. Horrez gain, prozesuak ez du telebistak edo LTD deskodegailuak zaharkitzea eragingo. Halaber, motaren arabera, eraikin batzuetan ez da beharrezkoa izango telebista-seinalea jasotzeko instalazioak egokitzea; dena den, egokitzapena behar duten eraikinetan, herritarrek aukera izango dute Gobernuak aurreikusitako laguntzak eskatzeko.

LTDren maiztasuna aldatzeko prozesuan zehar, trantsizioa errazteko eta herritarrek ahalik eta eragozpen gutxien izan ditzaten, telebista-kateek maiztasun berrian eta zaharrean igorriko dute, aldi berean (simulcast), maiztasun zaharra itzali baino lehen. Aldi bereko igorpen horrek hiru eta sei hilabete artean iraungo du.

Egokitzapenak egin behar dituzten eraikinetako etxejabeen erkidegoek egokitzapenak egin beharko dituzte haien LTDren sistemetan datozen sei hilabeteetan, telebista-kateak maiztasun berrietan ikusi ahal izateko.

Zehazki, kanal bakarreko sistemak edo telefonogune programagarriak dituzten eraikin ertain edo handietan egin beharko dira egokitzapenak. Familia bakarreko etxebizitzetan ez da egokitzapen hori egin beharko.

Egokitzapena egiteko, erregistratutako instalatzaile batekin harremanetan jarri beharko dira herritarrak. Horien harremanetarako informazioa www.televisiondigital.es webgunean aurki daiteke.

LDTren seinalea jasotzeko sistemetan beharrezko egokitzapenak egiten ez dituzten erkidegoek egun ikus ditzaketen telebista-kate batzuk ikusteari utziko diote, egokitzapenak egin arte.

Eraikinetan seinalea jasotzeko duten ekipoa edozein delarik ere, herritarrek telebistak berriz sintonizatu beharko dituzte LTDren eskaintza osoaz gozatu ahal izateko simulcast aldia amaitu ondoren, 2020ko urtarrila amaiera aldera. Telebistako kontrola erabiliz gailuak berriz sintonizatzen ez dituzten herritarrek kate batzuk ikusteari utziko diote egokitzapen hori egiten duten arte.

Laguntza publikoak

Prozesu honen eragina murrizteko, joan den ekainaren 21ean, Ministroen Kontseiluak Errege Dekretu bat onetsi zuen, 145 milioi euroko dirulaguntza zuzenak emateko; zenbateko hori Red.es enpresa publikoak kudeatuko du.

Laguntzen xedea izango da Bigarren Dibidendu Digitalaren eragina jasan duten eraikinetan telebista bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak jasotzeak edo atzitzeak eragindako kostuak konpentsatzea. Dirulaguntzaren zenbatekoa 104,3 € eta 677,95 € artekoa da, aurretik eraikinean instalatuta zegoen azpiegituraren arabera.

Laguntzak jasotzeko eskaerak online aurkeztu ahalko dira, 2020ko irailaren 30era arte; aurretik, LTDren seinalea jasotzeko instalazioak egokitu beharko dira, 2020ko irailaren 30a baino lehen. Egokitzapena egin dela justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, hala nola faktura eta instalazio-buletina. Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren Telekomunikazio Instalatzaileen Erregistroko instalazio-enpresek egindako jarduketengatik bakarrik eskatu ahalko dira laguntzak.

Edozein zalantza argitzeko, informazio guztia www.televisiondigital.es webgunean dago; horrez gain, herritarrei informazioa eta laguntza emateko telefono bidezko zerbitzu bat gaitu da, 901 201 004 eta 910 889 879 telefono-zenbakietan.