Albisteak

 

Aste honetan hasi dira Sodupeko igerilekuko estalkia berreraikitzeko lanak; zehazki, sareak eta aldamioak instalatu dira. Ondoren, egungo estalkia desmuntatu eta jarduketa nagusiari ekingo zaio. Hori guztia, Güeñesko Udalak barneko igerilekuen estalkiaren erabateko konponketa-lanak aurreko irailean esleitu ondoren.

Hasiera batean, estalkia guztiz berritzeko obrak hamaika asteko iraupena izango du, eta espero denaren arabera, ez du gimnasioan eraginik izango. Horrenbestez,2020 hasierarako igeriketari lotutako jarduera eta ikastaro guztiak berrabiaraziko dira.

Bigarren hautaketa-prozesu batean egin da esleipena. Izan ere, lehen esleipen-lehiaketara aurkeztu ziren enpresek ez zuten beharrezko dokumentazio teknikoa entregatu eta, beraz, huts deklaratu zen. Bigarren kontratazio-mahai honetan, baldintzen pleguan ezarritako informazio guztia eman zuten enpresek, obra egin ahal izateko kualifikazioa dutela justifikatzeko.

Igerilekuaren estalkia guztiz desarmatzeko eta berriz eraikitzeko, partzialki konpontzea posible ez denez, 259.000 €-ko inbertsioa beharko da.

2018ko irailean udal-igerilekuen estalkian kalteak agertu zirenetik, Udalbatzak egituraren egoeraren errealitatea islatzen duen peritu-txosten bat eskatu du, ondoren eraikuntza-proiektua idaztea agintzeko.

Peritu-txosten horren arabera, estalkiaren egungo egoera ezin da partzialki konpondu, eta, ondorioz, guztiz desarmatu eta berriz eraiki beharko da. Izan ere, askatze berrien eta infiltrazioak areagotzearen seinale argiak oharteman ziren.

Estalkiaren azalera osoan zehar kalteak eta degradazioaren seinaleak daudela nabarmendu zen.

Aurkitutako arazoek 2018ko irailean Udalak aurreikusitako beharrezko konponketak baino larriagoak dira. Konponketa horien kostua, Lehen Auzialdiko Epaitegiak emandako epaian ezarritakoarekin bat eginez, diseinatzaileen esku dago, eta 162.000 € ordaindu beharko dute.

Hori dela eta, Udalak ezohiko aurrekontu-partida bat gaitu behar izan du obrari aurre egin ahal izateko.

Eraikinaren estalkia berritzeko proiektuak hauek izan beharko ditu kontuan: barruko giroaren baldintza bereziak, hautatutako sistemaren funtzionamendu egokiaren behar propioak eta mantentzeko erraztasuna.