Albisteak

 

Güeñesko alkateak, Imanol Zuluagak, gaur goizeko Ingurumen Batzordean jakinarazi du udal talde politikoek datorren martxoaren 13ra arte izango dutela epea nahi adina proposamen eta iradokizun egiteko Güeñesko airearen kalitateari buruz CSIC, UPV/EHU eta CINEMATek egingo duten azterketari. Iradokizun eta ekarpen horiek zuzenean helaraziko zaizkie proiektuaren koordinatzaileei, azter ditzaten. Hartara, batzorde horretan, gobernu taldeak azterketako koordinatzaileen curriculumaren eta izendapenen berri ere eman du: Xabier Querol CSICeko ikertzailea eta UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldea. Gainera, azterketa egiteko proposatutako programa eta faseak ere eman ditu aditzera.

Hitza hartu duenean, alkateak berriz ere eskatu die talde politiko guztiei esfortzua egiteko eta "elkarrekin aurrera egiteko, Güeñesko biztanleek eskatzen diguten moduan" gai honetan elkartasuna eta adostasuna lortzeko.

Xavier Querol Carceller
Ikerketa-irakaslea da CSICeko Ingurune Diagnostikoaren eta Uraren Azterketen Institutuan, eta, horrez gain, ingurugiroko geokimika eta, batez ere, airearen kutsadura ikertzen ditu. Doktorea da Zientzia Geologikoetan (Bartzelonako Unibertsitatea) eta doktorego ondoko programa BGS-NERCen egin zuen, Erresuma Batuan. Ondoren, CSICeko Jaume Almera Lurraren Zientziak Institututan sartu zen, eta 2008an, IDAEAn. Munduan gehien aipatutako ikertzaileen % 1eko Thomson Reuters zerrendan egon zen 2014, 2015, 2016, 2018 eta 2019. urteetan. Estatu barneko eta EBko proiektu ugari zuzendu ditu; horien artean, AIRUSE, 2017an LIFE Environment-eko proiektu onenaren irabazlea izan zena. 550 artikulu inguru argitaratu ditu indexatutako aldizkari zientifikoetan, eta 28 doktore tesi zuzendu ditu.

Kataluniako Generalitataren 2009ko Ingurumen Saria eta 2013ko Jaume I Erregearen Saria lortu zuen ingurumenaren babeserako arloan. Horrez gain, QUOCSICeko Espainiako Zientzia Selekzioko kide izendatu zuten 2017an eta Bartzelonako Zientzien eta Arteen Errege Akademiako kide hautetsi 2018an. Halaber, 2019ko Carmina Virgili Saria eman zion Kataluniako Geologoen Elkargoak.

Gainera, Querol Europar Batasuneko aholku batzordeko kidea da Nazio Batuen Clean Air for Europe programan, eta Europar Batasunaren esparruan, Mundu Osasun Erakundeko (MOE) airearen kalitateari buruzko zientzia-komitea osatzen duten zortzi kideetako bat da.

UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldea (GIA)
UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikoko Taldea (GIA) 1980ko hamarkadatik ari da airearen kalitateari buruzko ikerketak gauzatzen eta horietan kolaboratzen, baita Bilbo eta Donostiako eremuetan elementu kutsagarriak ezabatzeko lanetan ere. Lan hori bera Iberiar penintsulako kutsadura-foku nagusietan ere ari da egiten. Espezialitate horretan eragin handiena duten indexatutako nazioarteko aldizkarietan ehun artikulu baino gehiago argitaratu dituzte taldekideek eta hainbat eremutako kutsadura- eta usain-arazoen identifikazioan lagundu dute; eremu horien artean, zentral termikoak, paper-fabrikak, fabrika siderurgikoak, urhondakinen araztegiak eta abar daude.