Albisteak

 

Güeñesko herritar horiek:

Gutun honen bidez jakinarazten dizuet gaur, 2020ko irailaren 22an, Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailaren Kabineteko zuzendari izendatu nauela. Izendapen hori bateraezina da alkatearen karguari dagozkion dedikazio eta ordainsariarekin; hortaz, uko egin diet biei eta, egun batzuen buruan, alkate berria hautatzeko izapideak burutzen ditugunean, uko egingo diot karguari ere.

Euzko Alderdi Jeltzaleak duela 5 urte eskatu zidan alkate izatera eraman ninduen hautagaitzaren buru izateko, baina horren aurretik orduko Gizarte Politika, Enplegu, Lan eta Etxebizitza Saileko kabinete- eta komunikazio-zuzendaria izan nintzen. Han ezagutu nuen Gotzone Sagardui, egungo Osasun sailburua, eta orain Eusko Jaurlaritzara itzultzeko eskatu dit, berriro ere Kabineteko zuzendariaren zereginak betetzeko bere sail eratu berrian.

Ulertzen dut legealdia hasteko eta amaitzeko aldi naturaletik kanpo halako aldaketak egotea ezustekoa izan daitekeela eta, gainera, bat-bateko aldaketak eta, are, zailtasunen bat edo beste ekar ditzakeela Udaleko langileentzat eta Udalbatzarentzat. Alabaina, pandemiaren garai hauek zailak izaten ari dira erakunde guztientzat, eta nire alderdiak eta nik uste dugu eskatzen duen laguntza guztia eman behar diogula Osasun sailburu berriari.

Udala egoera hobean uztea gustatuko litzaidake, baina proiektua ez da hemen amaitzen. Aurrera jarraituko du, taldeko lana delako: alkatea da figurarik agerikoena, baina ezin du ezer lortu Gobernu Taldeko gainerako kide eta langileak bere ondoan izan gabe. Beste norbait etorriko da eta, zalantzarik gabe, proiektu hori ondo zuzentzen jakingo du. Mila esker 5 urte hauengatik.

Imanol Zuluaga Zamalloa.
Güeñesko alkatea.