Albisteak

 

Güeñesko Udalak, osoko bilkuran, onetsi egin ditu 2021 ekitaldirako aurkeztu diren aurrekontuak, EAJ, PSE eta Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin.

Kontu horiek aurrean dugun 2021 ekitaldi zailari aurre egiteko egin dira; izan ere, 2021ean, COVID-19ak eragindako osasun-krisia eta bere ondorio ekonomikoak izango dira nagusi. Aurrekontuari esker, herritarren beharrak artatzen jarraituko dugu, udal-zerbitzuak mantentzen, premia handiena duten pertsonei laguntzen, udal-jarduera ekonomikoa babesten, enplegua sortzen laguntzen eta auzoak hobetzeko inbertsioak egiten.

2021erako aurrekontua 8 milioi eurotik gorakoa da; guztira, 8.053.660,26 eurokoa. Ekitaldi honetan baino milioi bat euro baino apur bat gehiago (1.031.543,79 €). “Politika publikoen aurrekontua izango da, Güeñeseko herritarrena, Gobernu Taldeak hauteman dituen erronka nagusiei erantzun aktiboa emateko aurrekontua”, azaldu du Juan Andrés Iragorrik Osoko Bilkurak kontuak aurkezteko emandako azalpenetan.

Honako hau da erronka horien xedea: COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioak murriztea sektore ekonomiko kaltetuenetan eta pertsona kalteberen artean; gizarte-ongizateari eustea, eta horretarako, pertsonak eta haien bizikalitatea, zerbitzu publikoak eta enplegua izatea udal-politiken erdigune; eta auzoen artean oreka mantentzea, horrexegatik areagotu baita hirigintza, irisgarritasuna, eta mugikortasuna hobetzeko jarduketen inbertsioa. Juan Andrés Iragorrik azpimarratu du aurrekontua “errealista, zorrotza, errealitatera egokitua eta jasangarria” dela.

Errealista da, ezarritako proiektu guztiak egingo baitira “urte hauetako guztietako lanaren eta zorroztasunaren ondorioz Güeñesko Udalak dituen kontu onbideratuetatik” abiatuta. Gure asmoa da 2021 ekitaldia berdin jokatuz ixtea”, adierazi du Iragorrik.

Zorroztasuna da aurrekontuaren oinarria; izan ere, aurrekontua egiteko gastu arrunten azterketa zehatza egin da, horien zenbatekoa diru-sarrera txikienei 

egokitzeko helburuarekin, Udalak ematen dituen zerbitzuak kaltetu gabe. "Dirusarrerak zuhurtasun-printzipioari jarraikiz zenbatetsi dira, zergak igo gabe eta pandemiak jarduera ekonomikoetan eta zenbait udal-jardueretan duen eragin handia aintzat hartuta.

Hortaz, udal-kontuak errealitatera egokitzen dira, aurreikuspen ekonomiko baliagarriak baitira are aurreikusitakoa baino egoera kaltegarriago baterako ere; halaber, jasangarriak dira, inbertsioen kapitulua dirulaguntzen eta Udalak eskatu duen mailegu baten bidez (inbertsioaren % 76) baino ez baita finantzatuko.

Iragorrik azaldu du “ez dela zorpetzera jo gastuak ordaintzeko, baizik eta hainbat hamarkadatan herritarren eskura egongo diren inbertsioak finantzatzeko. Erabaki jasangarria da finantza-ikuspegiari dagokionez, beharrezkoak diren inbertsioak herritarren gaineko zerga-presioa areagotu gabe egiteko aukera ematen duena”.

Gastuen eta inbertsioen kapituluan, helburua da auzoetan jarduketa gehiago egitea. Horretarako, 1,2 milioi euroko udal-inbertsio publikoa egingo da, eta beste 2,8 milioi euro bideratuko dira oinarrizko zerbitzu publikoetara.

Gizarte Ekintzaren arloan, bereziki azpimarratu behar 30.000 €-ko ezohiko ekarpena egingo diela Udalak Eusko Jaurlaritzak emandako gizarte-larrialdietako laguntzei (90.518 €). Horrez gain, 21.000 €-ko ekintza- eta hitzarmen-funts bat sortuko da, COVID-19ari aurre egiteko gizarte-laguntzak emate aldera. Horrez gain, ekarpen hauek ere egingo dira: GIZARTEKUNTZAK 1. mailako etxeko laguntza-zerbitzuari eta gizarte-langileari emango dizkion 130.000 €-ko ekarpena; 67.461 €-ko partida bat 2. eta 3. mailako mendekotasuna duten pertsonak laguntzeko; 25.269,89 € egoitzetarako eta zaintzaileak laguntzeko; 100.000€ baliabiderik ez duten familientzat; 18.000 € elikagai-programetarako; 37.600 € menpekotasunak prebenitzeko eta gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko zerbitzurako; 48.000 € osasun-zentroak mantentzeko, eta 21.200 € berdintasunprogrametarako.

Ongizateari eta ekonomiari dagokienez, eta betiere aintzat hartuta udal-politiken erdigunean pertsonak eta beren bizi-kalitatea, eta zerbitzu publikoak eta enplegua daudela, bereziki aipagarria da 210.891,42 €-ko partida bat bideratuko dela azken hori, enplegua, sustatzera. Ez hori bakarrik, 2.454.553,39 € inbertituko dira oinarrizko zerbitzu publikoetan; argiterian, kaleen garbiketan eta lorezaintzan, hilerrietan, saneamenduan, obra eta zerbitzuetan eta hirigintzan, oro har. Horrez gain, 547.321,40 € inbertituko dira herritarren segurtasunean, eta 1.978.188,17€ kulturaren, jaien, kirolaren eta euskararen sustapenean. Ildo beretik, 

131.250,59 € inbertituko dira gazteei bideratutako ekintzetan, eta 72.489,12 €, aldiz, pertsona nagusiei bideratutakoetan. Azkenik, 281.900,38 € bideratuko dira hezkuntza-zentroen mantentze-lanetara, eta 344.868,61 € ingurumenera.

Hirigintza, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea helburu duten jarduketen bidez auzoen arteko oreka mantentzera bideratutako proiektuen artean, honako hauek azpimarratu behar dira: argiteria publikoa; Arangoitiko saneamendu-sareak ordeztea; aparkaleku gehiago jartzea Zaramillon; Andra Mariko espaloietako segurtasuna areagotzea; kalistenia-eremu berriak sortzea; espazio publikoetan hobekuntzak eta eraberritze-obrak egitea; Elubarriko igogailua martxan jartzea; La Quadrako eskoletako teilatua aldatzea; kirol-instalazioetako altzariak hobetzea eta polizia-etxea, Gugaz gaztegune berria eta Erretiratuen Etxea egokitzea.

Güeñesko herritarren parte-hartzea aurrekontuetan
Udalak aurkeztu duen aurrekontu-proiektua egiteko, aintzat hartu dira azaroko herritarren partaidetza-prozesuan jaso ziren ekarpenak. Kontsulta horren bitartez egin dituzte, hain zuzen, beren ekarpenak herritarrek.

Proposamenek jasotako botoak zenbatu eta egin beharreko haztapenak egin eta gero, honako ekimen hauek aukeratu dituzte herritarrek:

- Zementuzko oztopoak kentzea Sodupeko Herriko Plazan dagoen haurparketik.

- Mendionara kotxez igotzea debekatuta dagoelako seinale bat jartzea, auzokoak eta baimendutako ibilgailuak izan ezean.

- Ispilu bat jartzea Astobitza auzoko kurban.

- Zaramillon aparkaleku bat jartzea.

- Udalerriko argiztapena hobetzea.

- Güeñesko merkatari eta ostalarientzako webgune bat sortzea.

Jarduketa horiek abiarazteaz gain, pandemiak atzeratu zituen 2020ko herritarren partaidetza-kanpainako ekarpenei heldu zaie berriro.