Albisteak

 

Gueñesko Udalak atzoko osoko bilkuran onetsi zuen Foru Aldundiaren Udalkutxa funtsekin duen 448.594 euroko zorra likidatzea.

Neurri horrek EAJ-PNVren eta PSEren aldeko botoak eta Bilduren kontrakoa jaso zituen, eta horri esker "datozen urteetako aurrekontuen kontuak arindu ahal izango dira; izan ere, Udalkutxari eginiko itzulketa horiek ez dira gastu gisa sartu behar izango”, azaldu zuen Koldo Artaraz Gueñesko alkateak, eta eskerrak eman zizkien “PSEko ordezkariei aldeko botoa emateagatik”.

Zor hori likidatu ahal izateko, Enkarterriko Udal honek bere esku duen diruzaintza soberakina erabiliko du. “Soberakin gisa genuen diruari, dagoeneko, erabilera eman diogu”, gaineratu du Artarazek.

Udalkutxako funtsak Foru Aldundiak igortzen dizkie Bizkaiko udalerriei, euren diru-bilketa aurreikuspenaren arabera. Hori dela eta, behin ekitaldi ekonomikoa amaituta, aurreikusitako zenbatekoak benetako zenbatekoetara egokitzen dira, eta, zenbateko hori txikiagoa izatekotan, kopuru horiek Foru Aldundiko diru kutxei itzuli behar zaizkie. Gueñesen kasuan, 2009ko, 2011ko eta 2012ko zorrak kitatu dira, zehazki, 220.002, 81.809 eta 146.782 eurokoak, hurrenez hurren. “Aurtengo zenbatekoa aurre-likidazioa da; izan ere, urtea amaitu arte ez dugu jakingo zenbateko zehatza, baina zor guztiak kitatzeko sartuko dugu, horrek hobekuntza nabarmena dakarrelako ondorengo ekitaldietako aurrekontuak gauzatzeko orduan” azpimarratu du Koldo Artarazek, eta abian jarritako neurri hori "Udalean gerora egongo diren kontuetarako garrantzizkotzat" jo du.

Udalkutxarekin duen zorra likidatzeaz gain, Udalak diruzaintza soberakinetik 250.000 euro erabiliko ditu Spri eraikitzen ari den Arangoitiko industria poligonoan pabilioi bat erosteko, eta, 65.240 euro, berriz, Mankomunitateak kudeatzen dituen mendekotasunerako laguntzetarako.