Albisteak

 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 5.132.664,69 euroko gastua onartzea Sodupen (Gueñesko udalbatzan) Bigarren Hezkuntzako Gueñes Institutua eraikitzeko.

Gueñesko Udalak poz handiz jaso du albistea. “Gure herritarrek askotan eskatu dute proiektu hau gauza dadila, eta aurrekontu-partida bat ematea oso urrats garrantzitsua da prozesu horretan. Asko pozten gara eta benetan eskertu nahi dugu proiektua aurrera atera izana” adierazi du Gueñesko Udaleko alkate Imanol Zuluagak.

Eraikin berriak bi lerro izango ditu eta 250 ikasle hartzeko gaitasuna, hiru solairutan banatuta: behe solairua (administrazio gunea, zerbitzu orokorrak eta gimnasioarekin) eta horren gainean eraikitako beste bi solairu (irakaskuntzarako guneak). Eraikitako 3.325,53 metro koadroko azaleran, honako instalazio hauek nabarmentzen dira:

  • 10 ikasgela
  • Bikoizte gela
  • Mintegitarako 5 gela
  • Informatika gela
  • Teknologia gela
  • Musika, dramatizazio eta audio gela
  • Plastika gela
  • Zientzia laborategia
  • Jangela (100,86 m²), officea alboan duela
  • Liburutegia eta erabilera anitzeko aretoa (105 m²)
  • Gimnasioa (321 m²), komun eta aldagelekin
  • Aterpedun sarrera (144 m²)
  • Kanpoko kirol-pista (800 m²)

Institutu berriak udalerri honetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak hartuko ditu. Ikasle horiek, egun, Eretza Berri Ikastetxe Publiko Integratuan egiten dituzte ikasketak (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH elkarrekin direla). Eraikin berri honi esker, DBHko etapak bere instalazio propioak izango dituenez, udalerri honetako hezkuntza eskaintzaren kalitatean hobekuntza nabarmena izango da.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak obra 2016ko lehen hiruhilekoan esleitzea aurreikusten du. Institutua San Migel auzoan egongo da, Paduran, Sodupeko herrigunearen irteeran.