Albisteak

 

Gueñesko Udalaren Gizarte Ekintza Arloak A25 Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen egitarauari ekiteko, Gueñesko Udalaren Berdintasunerako III. Plana aurkeztuko da lehendabizi.

Aurkezpena azaroaren 21ean izango da, astelehenean, Sodupeko Kultur Etxean, 11:00etatik aurrera, eta edonor bertaratu ahal izango da.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plan hau osatzeko, 2015ean egindako II. Planaren ebaluazioa eta berdintasun-egoeraren diagnostikoa hartu dira oinarri.

III. Plana egiteko prozesuan esku hartu dute Udaleko politikariek eta arlo guztietako teknikariek, prozesuaz arduratu den lantaldeak eta herriko elkarteek.

Plana lau urtez egongo da indarrean, 2019ra arte, eta honako ezaugarri hauek ditu:

  • Kontuan hartzen ditu gaur egun indarrean dauden Europako, Espainiako eta Euskadiko lege- eta politika-agiriak eta agiriotan definitzen diren ardatz estrategikoak (EAEko VI. Berdintasun Plana).
  • Bat dator Gueñesko Kontzejuko 2015-2019ko Legealdi Planarekin eta udal-kudeaketarako eredu berriarekin. Eredu hori, hain zuzen ere, zeharkakotasunean eta udal-arloen lankidetzan eta koordinazioan oinarrituta dago, eta helburu du udalak modu eraginkorragoan jardutea.
  • Udalaren barne-antolamendua eta egungo lan-arloak kontuan hartuta egin da. Hartara, plana lanera bideratuago egongo da, eta modu praktikoan erakutsiko du planaren faseak (plangintza egitea, plana txertatzea eta jarraipena/ebaluazioa egitea) betetzeaz arduratuko diren pertsona bakoitzari zer lan dagozkion.
  • Kontzejuko berdintasun-egoeraren diagnostikoan eta Udalaren lan-gaitasun errealetan oinarritutako helburuak eta ekintzak ezartzen ditu.
  • Hala administrazioaren antolamendua nola barne-funtzioamendua aldatzeko helburu sozialak planteatzen ditu, balio-aldaketa, emakumeen ahalduntzea, antolamendu sozial erantzunkidea eta emakumeen kontrako indarkeriaren desagerpena sustatze aldera.

Bestalde, Berdintasunerako III. Planaren aurkezpenaz gain, astelehenetik ostegunera bitartean genero-indarkeriari buruzko tailerrak emango zaizkie adin nagusiko gizon-emakumeei, Kontzejua osatzen duten lau guneetan: Gueñesen, Sodupen, La Quadran eta Zaramillon. “Tailerretan, genero-ikuspegia landuko da, emakumea ikusezin egiten duten mikromatxismoen ikuspuntutik”, esan du Ainara Muñozek, Gueñesko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Azaroaren 25ean, 12:00etan, herri-lasterketa abiatuko da Sodupeko Herriko Plazatik, eta udal-elkarteek, ikastetxeek eta erakundeetako ordezkariek parte hartuko dute. Lasterketa amaitutakoan, eskolako ikasleek genero-indarkeriaren kontrako adierazpena irakurriko dute.

Azkenik, egitaraua bukatzeko, Gugaz udaleko gazteria-zerbitzuak eta Güre Aiton Amonak belaunaldi arteko programak egin duten bideo bat emango da. Bideo horrek, hain zuzen ere, emakumeek kirolean izan ohi duten segurtasun-falta eta kalteberatasuna erakusten du, Izar Lokak emakumeen kirol-elkarteko kideen ikuspuntutik. Bideoa ostiralean emango da, Sodupeko Kultur Etxean 20:00etan hasiko den galan. Gainera, bertaratzen direnek lehen eskutik entzun ahal izango dute genero-indarkeriaren biktima baten esperientzia: indarkeria nola bizi izan zuen, nola aurre egin zion eta nola izan zen gai egoera hura gainditu eta lehengo bizimoduari berriro heltzeko.