Xedea

Dokumentu honetan Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 15.-21. artikuluetan araututako eskubideak erabiltzeko eskaerei erantzuteko prozedura deskribatzen da.
  • Interesdunaren datuak eskuratzeko eskubidea.
  • Datuak zuzentzeko eskubidea.
  • Datuak ezabatzeko eskubidea (“ahaztua izateko eskubidea”).
  • Tratamendua mugatzeko eskubidea.
  • Datuak eramateko eskubidea.
  • Tratamendua aurkaratzeko eskubidea.

Irismena

Prozedura hau erakundeak eskubideak erabiltzeko jasotzen dituen eskaera guztiei aplikatuko zaie, interesdunen datuak kudeatu edo ez.

Erreferentziak

  • 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra), 95/46 (EE) Zuzentaraua indargabetzen duena.
  • 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 4koa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Erantzukizunak

Antolakuntza-unitatearen (atala/zerbitzua/saila) erantzukizuna izango da interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuak eramateko eta tratamendua aurkaratzeko eskubideak erabiltzeko aurkeztutako eskaera oro jasotzea.

Segurtasun-arduradunak ikuskatu egingo du beharrezkoa den kasuetan interesdunaren eskaera eskubideen kudeaketaren arabera izapidetu dela, hala zerbitzuak hornitzen dituzten sektore pribatuko enpresei nola sektore publikoko organismoei dagokienez, besteak beste, fundazioak, patronatuak, enpresa publikoak eta abar.

Betebehar komunak

GUEÑESKO UDALAK erraztu egin behar die interesdunei beren eskubideak erabiltzea, eta beraz, horretarako erabili beharreko prozedurak eta bitartekoak ikusgai egon eta irisgarriak eta errazak izan behar dira. Horrez gain, eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko aukera ere eman behar die Udalak herritarrei.

Eskubideak erabiltzea doakoa da interesdunarentzat, oinarririk gabeko edo gehiegizko eskaerak egiten diren kasuetan izan ezik, bereziki errepikatu egiten badira. Kasu horretan, eskaerari erantzuteko administrazio-kostuak konpentsatuko dituen kanon bat kobratu ahal izango da, edo eskaera horren gainean jardutea errefusatu (kanona ezin izango da arduradunarentzako sarrera gehigarri bat izan; hau da, bat etorri beharko du eskaera izapidetzeak duen kostu errealarekin).

GUEÑESKO UDALAK hilabeteko epean jakinarazi beharko dio haren eskaeratik eratorritako jarduketa oro interesdunari (bi hilabete gehiago luzatu ahal izango da epe hori eskaerak bereziki konplexuak badira. Halakorik gertatzen bada, luzapenaren berri eman beharko zaio interesdunari lehen hilabetearen barruan).

GUEÑESKO UDALAK eskaera bati ez erantzutea erabakitzen badu, horren berri eman beharko du, ez erantzuteko erabakia arrazoituz, aurkezten den egunetik hilabeteko epean.

Interesdunak bere eskubideak erabiltzeko egiten duen eskaera oro segurtasun-arduradunari helaraziko zaio prozedura honetako hurrengo ataletan ezarritakoari jarraikiz kudea dezan.

Segurtasun-arduraduna da eskubideak erabiltzeko jasotako eskaeren erregistroa egiteko arduraduna, eta bertan adieraziko da zeintzuk izan diren kudeaketen emaitzak. Honako datu hauek jasoko ditu:

  1. Eskaera-data.
  2. Interesdunaren identifikazioa.
  3. Eskatzailearen identifikazioa, interesduna bera ez bada.
  4. Erabilitako eskubidea.
  5. Eskubidea zein tratamendu-jardueraren gainean erabiltzen den.
  6. Emaitza: erantzun da, ukatu da, etab.