Gaueko harrera-zerbitzua

Zertan datza?

Laguntza-intentsitate baxuko lekuak dira, eta gaua bertan igarotzeko aukera ematen diete bazterkeria-egoeran dauden pertsonei, nagusiki iragaitzazko pertsonei eta etxerik ez dutenei. Horrez gain, gaua igarotzeko, jateko eta higiene pertsonalerako oinarrizko prestazioak ematen zaizkie.

Iraupen laburreko egonaldiak dira, gehienez astebetekoak. Alabaina, epea luza daiteke, beharrezkoa izanez gero, bazterkeria-kasua baloratu arte; ondoren, bigarren mailako arretako baliabideetara bideratuko da.

Urteko gau guztietan martxan egoten dira, baina urteko sasoi batzuetan zerbitzua sendotu egiten da, beharren gorakadari erantzuteko.

Zer prestazio eskaintzen dira?

  • Informazioa.
  • Beharren hasierako balorazioa, behar bada, eta segimenduaren balorazioa.
  • Gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea eta esku-hartze psikosoziala.
  • Gaua igarotzeko aukera.
  • Mantenua (afaria eta/edo gosaria).
  • Higiene pertsonala.
  • Garbitegi-zerbitzua.
  • Premiazko oinarrizko arropa.

Norentzat da?

Gizarte-bazterkeria jasaten duten eta gaua igarotzeko leku bat behar duten pertsonentzat, behar edo egoera bereziak dituztenak izan ezik (jokabide-nahasmenduak, duela gutxi ospitale-alta jaso eta laguntza behar izatea, abstinentzia-sindromea…). Azken horiei gizarteratze-beharrei erantzuteko gaueko harrera-zentroan edo bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako bizitegi-zentroan emango diete arreta.

Adinez nagusiak.

Zer baldintza bete behar dira?

Bertako langileek norberaren nahiz zentroaren higienearekin lotuta ematen dituzten jarraibideak betetzeko konpromisoa hartzea.

Jokabide-nahasmendurik ez izatea eta/edo zerbitzuaren funtzionamendua edo bertako elkarbizitza normala oztopa dezakeen nahiz pertsonarentzat, beste erabiltzaile batzuentzat eta profesionalentzat arriskutsua izan daitekeen jokabiderik ez izatea. Ez edukitzea ospitaleratzea eskatzen duen gaixotasun fisiko edo psikikorik.

Osasun-arreta bereziturik eta/edo etengaberik behar ez izatea zerbitzuaren beraren irismenetik eta aukeretatik harago.

  • Zabaltzen
  • Faktura elektronikoa
  • Enkarterri
  • Enkartur
  • BFA DFB
  • Garbiker
  • Bizkaia.eu