Etxeko indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzua

Zertan datza?

Zentro hauek, kasu batzuetan, premiazko epe laburrerako arreta eta egoitza eskaintzen dizkiete emakumeei, eta beste batzuetan epe ertainerako egoitza-zerbitzuak eskaintzen dizkiete. Emakume horiek elkarbizitza-arazo handiak dituzte (batez ere etxeko tratu txarren biktima diren eta haien osotasun fisikoa eta emozionala arriskuan duten emakumeak dira), edota babesgabetasun- eta/edo bazterkeria-egoeretan daude (bereziki arrazoi sozioekonomikoak eta pertsonalak direla-eta egoera zailean dauden emakumeak).

Intentsitate ertain eta altuko laguntza eskaintzen dute, eta esku-hartze hauek hartzen ditu barne:

  • Lehen harrera-zerbitzua, eguneko 24 orduetan, premiazko balioespena, diagnostikoa, orientabidea eta ostatua barne.
  • Lehen harrera-zerbitzuaren ondoren, esku-hartze psikosoziala, eta gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea, bai eta gizarte-laguntza ere eskaintzen dituen ostatua eskaintzen da. Egoitza horretan etengabe egongo da teknikariren bat. Gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta esku-hartze psikosozialak genero-ikuspegiarekin egiten dira, eta emakumeak ahalduntzea dute xede. Hauexek dira bere helburuak:
    • a) Berehala artatzea elkarbizitza-gatazka larriei, eta bereziki etxeko tratu txarrei, loturiko beharrizanak.
    • b) Aldi baterako ostatua ematea egoera kritikoan daudelako ohiko etxebizitzarik ez duten emakumeei edo etxebizitzatik alde egin behar izan duten emakumeei, bai eta normalean haiekin bizi diren eta haien ardurapean dauden pertsonei ere, izan ardurapeko seme-alabak (adingabeak izan ala ez), izan mendeko beste pertsona heldu batzuk.
    • c) Ingurune-segurua, denbora eta laguntza egokia eskaintzea, erabiltzaileek egoki eta beharrezko ikusten dituzten aldaketak egin ditzaten haien egoera pertsonalean, ekonomikoan eta familian, eta aldaketa horiek gauzatu ahal izateko erabakiak hartu ahal izan ditzaten.
    • d) Haien egoerari modu egokian aurre egiten laguntzea. Horretarako, beharrezko aholkuak, informazioa eta laguntza eskainiko zaie, eta laguntza-baliabide egokienak eskuratzen lagunduko zaie.
    • e) Autoestimua eta konfiantza pertsonala mantentzen, berreskuratzen eta/edo garatzen laguntzea, baita bizimodu autonomoa izateko gaitasunak eta trebetasunak garatzen laguntzea ere, eta gizarteratze-ibilbidea zuzentzea.
    • f) Laguntza eta gizarte-babes intentsiboa eskaintzea, beren beharretara egokitua.
    • g) Segurtasun-sentimendua indartzea.

Zer motatako harrera-zerbitzuak daude?

  1. Berehalako harrera-zerbitzuak, egonaldi laburrekoak. Eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan erabil daitezke, eta etxeko tratu txarren biktima izan diren emakumeak hartzen dituzte, berehala eta dituzten beharrizanak baloratzeko behar den aldi osoan zehar, baliabiderik egokienera bideratu aurretik.
  2. Egonaldi ertaineko harrera-zentroak, honako hauei babesa eta ostatua emateko:
    • Etxeko tratu txarren biktima diren eta esku-hartze espezializatu integrala behar duten emakumeak eta haien seme-alabak adingabeak, baldin eta beren guraso-ahalaren menpe edo beren zaintzapean badaude.
    • Haurdun dauden edo beren kargura seme-alabak dituzten emakumeak, baldin eta bakarrik eta babesgabezia- eta/edo bazterkeria-arrisku larrian badaude, baliabide pertsonalik eta gizarte- edo familia-babesik gabe, eta babes intentsiboa behar badute (nagusiki, gizarte eta hezkuntzako esku-hartzeak eta esku-hartze psikosozialak).

Zein dira eskaintzen diren zerbitzuak?

  • Informazioa. Segimenduaren balorazioa.
  • Bitartekaritza.
  • Gizarte eta hezkuntzako esku-hartzea eta esku-hartze psikosoziala.
  • Gizarte-laguntza.
  • Arreta soziojuridikoa.
  • Segurtasuna (zaintza), beharrezkoa bada.
  • Zabaltzen
  • Faktura elektronikoa
  • Enkarterri
  • Enkartur
  • BFA DFB
  • Garbiker
  • Bizkaia.eu